Itxaro Borda 2009/2/14
BERRIA | Semiotika
Neoliberalismoaren garraipenik handiena diskurtsoetan datzala argi dago. Eleen norabidea aldatu dute, bigarren mundu gerra ondoko kontzeptuak mustupilkatuz jendeen ardura elitearen aldera makurtzeko. Bada gehiago ere: enpresetako behe-mailako besoak jada collaborateurs deitzen dituzte nagusiek, ideologia eta enpresaren hara-honatekiko axola partekatzen bailuten. Esplotazioaren aurpegia da, klaserik ez dago borrokan, manatzailez eta kolaboratzaileez osaturiko destinu batuarekiko multzo trinkoa baino. Ez dugu sistema kritikatzeko aitzakiarik ere, sistema bera bihurtuak garelako.
Halaz, Berlineko Hormaren leherketaren hogeigarren urteburua ere datorren azaroan ospatuko dela, Gramsciren analisia trabestituz, kapitalismoaren izaki organikoak gara. Nahi ala ez. Zerbitzu publikoen erabiltzaileak aldiz bezeroak dira, tirania zilegi zaiela, eta dagoeneko norabide sozialik ez duen greba fenomeno meteorologikoa da pertubation soila denez kazetarien ahoetan, hiritar gaixoak en otage hartzen dituen burugabekeria bat, hots. Sintaxia eta gramatika berriak orraztekoak ditugu, agudo, bestela... batzuen aberaste-planen haragi baizik ez garateke.
A working class hero is something to be.